XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berriro beste gasolina trago bat hartu eta, gau beltz hura, Tomasek ahotik jaurtiki zuen suaz, erabat argitu zen... Jendeak, txalo beroak jo zizkion.

Uxuek bere tokitik aldendu eta beste ertzera jo zuen, ea Txepetx ikusten zuen.

Bitartean, publikoaren artean hotzikara bat zabaldu zen: gizon bat, balkoira igo eta sokaren gainean, enparantza zeharkatzeko asmoz abiatu zen.

Gora begira, ia arnasarik gabe, ikusleen hasperenik ere ez zen somatzen, isiltasun hartan.

Barto, poliki-poliki, kontu handiz, bere oreka zainduz, soka gainean, mutur batetik bestera pasa zen.

Ikusleen txaloak ikaragarriak izan ziren, eskuak gorritu arte.

Baina, Bartok, beste balkoitik baretzeko keinu bat egin zuen eta hara non agertzen den balkoian Txepetx...

Inoiz baino txikiago, ahulago... Zapi txuri luze bat hartu eta Bartoren begiak estali zituen.

Eta gero, publikoak gutxien espero zuena gertatu zen: gizon hura, neskatila besoetan hartu eta soka gainean abiatu zen...

Ikusleen artean ikara nagusitu zen.

Behin ere ezagutu ez zuten ikara kolektiboa: - Eroturik al dago ala?- zioen emakume batek.

- Ene Jesus!- besteak.

- Pasako ote da? Ez ote da eroriko?.

Uxuek, berriz, ez zuen ezertxo ere esan.

Bihotzak eztarria jo behar ziola zeritzaion eta pareta batetan sostengatuz, ondo ulertu zuen Txepetxen beldurra eta Bartoren mehatxua.

Zein erraza zen Bartorentzat, une hartan, eskutan zeramanari jareitea! Zein erraza istripu edo ezbehar bat probokatzea! Nork salatuko zuen Barto kasu horretan?.